BERRIAK

Hirien plangintza- eta berrikuntza-eredu berriei buruzko proposamenak egiteko adituak elkartuko dira Donostian

Iraunkortasuna, parte-hartzea eta inklusioa izango ditu hizpide.

Otsailaren 12an eta 13an, Donostiako Carlos Santamaria zentroan AGORA 2015, Hiri-berrikuntza lantegiak biltzarra egingo da. Topaketa horretan arlo hauetako aditu kualifikatuak bilduko dira: hirigintza eta arkitektura, ingurumena, ekologia, soziologia, IKTak eta abar.

AGORA 2015 hirien plangintza- eta berrikuntza-eredua nola berreraiki eta egungo gizartearen etorkizuneko erronkei nola aurre egin hausnartzeko lantegia da. Aipatutako eremuetako ikasle eta profesionalak ditu helburu, eta askotariko ikuspegiak bideratu nahi ditu gaurkotasun handiko gai hauetan: aldaketa klimatikoa, eraikuntzaren alorreko araudiak, hiria merkaturatzea, arlo publikoa pribatizatzea, auzotarren mugimenduak, parte-hartzea, hiri-georreferentziazioa, hub-ak, workshop city protocol, smart cities, open source, big data…

Hiru erakunde hauek elkarlanean antolatu dute biltzarra: Donostiako Udalak, Estrategia Bulegoaren eta Hirigintza Sailaren bidez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO), eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGET). Halaber, laguntzaileak dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Biltzarrean izena emateko 80€ ordaindu behar dira, eta webgune bidez egin daiteke (begiratu berri honen amaierako esteka).

Proposatutako metodologiaren helburua da AGORA 2015 ohiko biltzar bat ez izatea. Helburua da, hausnarketa eta pentsamendu kolektiboa oinarri hartuta, hainbat proposamen planteatzea, egungo hiri-plangintza eta -diseinuaren eredua berreraikitzea bideratzeko, beste eredu iraunkorrago eta berritzaileago bat birsortze aldera. Hori guztia herritarren parte-hartzea, gobernantza eta inklusioa oinarri hartuta.

AGORA 2015 Hiri-berrikuntza lantegiak lau gai-multzo handi hauetan banatu dira: inguru naturala, inguru eraikia, inguru soziopolitikoa eta inguru digitala. Gai-multzo bakoitzak ponentzia nagusi bat izango du, eta lehen hurbilketa hori oinarri hartuta, inguru bakoitzean sakontzeko hiru proposamen aztertuko dira.

INGURU NATURALA

José Fariñak, arkitekturako katedradun ospetsuak, alternatiba hauek aztertuko ditu: hiria eta ingurunea, lurralde-antolaketa, paisaia eta ekologia.

Ponentziaren ardatza izango da honako galdera honi erantzutea: urbanizatzeko beste modu bat eta hiriak lurraldearekiko duen eginkizuna berraztertzeko beste modu bat balia al daiteke? Zenbateraino da “kudeagarria” ingurune naturala (paisaia)? Naturala arriskutsu izan al daiteke (egungo paradigmarentzat)? Nola heltzen diogu kostaldeko hiriak birsortzeari, ondorengo hamarkadetarako aurreikusitako ur-mailaren igoera dela-eta? Nork eta nola hartzen ditu erabaki horiek?

“Naturala” dena nabarmen urritzen ari da, hainbat adierari erreparatuta: naturala, nekazaritzakoa edo ludikoa. Errepide eta bide garrantzitsuen sarea hain trinkoa denez, eta lurraldea hainbeste zatitu duenez, espezieek “korridore ekologikoak” ere behar dituzte.

Inguru naturalaren lantegiak erreferentziazko hiru kasu edo esperientzia aztertuko ditu:

Galiziako itsasertza antolatzeko plana.
Nafarroako Egues haraneko Eliako jaurerriaren paisaia babesteko plana.
Bizkaiko Urdaibaiko Erreserbaren administrazio arteko funtzionamendua. 

INGURU ERAIKIA

Sebastià Jornet, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Antolamendu Saileko irakaslea, hirigintza-legediari buruzko kualifikazio handiko Kataluniako aditua da.

Bere ponentzian aztertuko ditu birsorkuntzan, beherapenean eta hiri finkatuak berregituratzeko modu berrietan oinarritutako estrategiak, hazkundearen planteamendu tradizionalagoen aurrean.

Planteamendu berri horiek eskatzen dituzten aldaketak aztertuko ditu hainbat arlotan: ekologia eta iraunkortasuna, hiria kudeatzeko eta finantzatzeko modu berriak, eta hirigintzako plangintza malgutzeko eta egokitzeko premia.

Inguru eraikiak erreferentziazko hiru esperientzia izango ditu lantegian:

“Hiri egokigarria” Urretxu – Europan 12. Gipuzkoa.
“Abian jartzea”. 22@ Bartzelona. Katalunia.
“Mugak birformulatuz”. Collserola – Porta de Penitents. Katalunia.

INGURU SOZIOPOLITIKOA

Zaida Muxí arkitekturan doktorea da (Sevillako Unibertsitatea) eta XXI. mendeko etxebizitza iraunkorraren lantegia graduondokoaren zuzendarikidea. Aurkeztuko duen ponentzian planteatuko du herritarrek hiriari buruz hausnartu behar dutela berriro genero-ikuspegia eta inklusioa bereziki aintzat hartuta.

Non dago norbanakoaren eremuaren eta esparru kolektiboaren arteko muga, herritargo pluralaren eta arlo pribatuaren arteko muga? Partaidetza al da inguruneari buruzko erabakiak hartzeko formula hoberena? Hazkundea vs beherapena? Gaur egungo hiriko ziurgabetasunen aurrean… kudeaketa malgua ala plangintza? Hitzaldia baliagarria izango da hiriari pertsonen ikuspegitik heltzeko (hirigintzaren eta gizarte-dinamiken bizikidetza, hiria berrindartzeko zuzkidurak, gentrifikazioa, parte-hartzea, hiria merkaturatzea, arlo publikoaren pribatizazioa, auzotarren mugimenduak).

Inguru soziopolitikoaren lantegiak erreferentziazko hiru kasu edo esperientzia aztertuko ditu:

“Herritarrek eraldatzen dute”. Jabego pribatuaren okupazio kolektiboa. Sevillako korralak.
Espazio publikoaren eraldaketa Sopelan. Bizkaia.
Hiria berritzeko elkarte-mugimendua. Can Batlló, Bartzelona.

INGURU DIGITALA

Manu Fernández ikertzailea eta hiri-politiken alorreko aholkularia da, eta hiri-baliabideen kudeaketarako aplikatutako teknologiek harremanen mapa berri bat proposatzen dutela azalduko du. Harreman horiek hiriaren kalitatea hobetzea xede duen ikuspegitik aztertu behar dira.

Eztabaidaren ardatz nagusia hau izango da: hiriari erantsitako gailu teknologikoek hiriak kudeatzeko onurak sortzen dituzte soilik, ala partaidetza- eta ezagutza-sareak sortzeko lagungarriak dira, orain arte hiriko eztabaidatik kanpo zeuden talde sozialak berreskuratzeko? Herritarrak, subjektu politikoa den aldetik, gardentasuna eskatzen du hiriko arlo komunen kudeaketan. Hiri-adimenaren prozesuek benetan herritarren ahalduntzea ote dute helburu?

“Hiri adimenduna”, “smart citizen”, “klase sortzailea” modako hitzak dira ala egoera bat sendotzen ari dira, eta hiriak horri egokitu beharrean daude, smartizazioaren trena ez hutsegiteko?
“Gauzen adimena” (eraikinak, kaleak, baliabideen erabilera…) askoz ere aurrerago doa, antza, hiriko espazioetan “adimen partekatua” berreskuratzeko premia baino. Hiria eta sarea (ezagutzaren laugarren sektorea, hirigintza eta errealitate handitua, hiri-georreferentziazioa, hub-ak, workshop city protocol, smart cities).
Inguru digitalak erreferentziazko hiru esperientzia izango ditu lantegian:
Urumea Riverside District – Smart City. Donostia.
Kultura digitala, “smart citizens” eta hiri irekia, Bartzelona.
Open Urban Lab – Herritarren lantegia. Zaragoza.

AGORA 2015 lantegiaren helburua da hirien antolamenduaren berrikuntza-aukerei buruzko hausnarketa bultzatzea eta eztabaida sortzea, batez ere gure ingurunetik (EAE) gertuko eremuan eta gaur egungo hiri-garapenaren dinamikan. Halaber, xede hauek ditu: egungo hirigintza-ereduaren diagnostiko egokia egitea, joerak eta hiriko erronka berriak detektatzea, eta Donostian eta/edo inguruko gainerako hirietan aplikatzeko edo pilotatzeko moduko hiri-berrikuntzarako ereduak sortzea. AGORA 2015 biltzarra hiru erakunde hauen elkarlanaren emaitza da: Donostiako Udala, hiriko Estrategia Bulegoaren eta Hirigintza Sailaren bidez, EHAEO – Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (Gipuzkoako ordezkaritza) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (AGET). Halaber, babesle dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Webgune bidez eman daiteke izena eta 80€ ordaindu behar dira.

Loturak:

AGORA 2015 WEBGUNEA

NULL

Suscríbete a la newsletter

Protección de datos

    Nombre *

    Apellidos

    Email *

    Mensaje *

    Este sitio está protegido por reCAPTCHA y se aplican la Política de privacidad y los Términos de servicio de Google.


    IMPULSAMOS


    ALIANZAS