Donostiako Gizarte Kontseiluak urteko azken osoko bilkura egin du gaur, abenduak 1, Udaletxeko Udalbatza Aretoan, etapa instituzional berri bati hasiera emanez. Hiriaren estrategian egindako aurrerapenak aztertu dira saioan, eta Kontseiluaren azken urteetako ibilbidean funtzezkoak izan diren lau laguni egin zaie aitortza. Horrez gain, Gizarte Kontseiluaren IV. Sariaren ekimen finalistak eta irabazleak ezagutzeko aukera izan da.
Saioaren bideoa eskuragai dago LOTURA HONETAN.
Donostiako alkate Jon Insaustik aurrenekoz hartu du parte hiriko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuran, eta ongietorria eman die parte-hatzaileei, Gizarte Kontseilua “hiriaren garapen estrategikoaren aldeko lan egiteko, entzuteko eta gaiak modu kolektiboan aztertzeko ezinbesteko gunea” dela azpimarratuz. Gizarte Kontseilua osatzen duten norbanako eta eragileen lana eskertu du, eta “Donostiaren etorkizuneko erronkei aurrea hartu ahal izateko, elkarlana indartzeko eta elkarrizketa sustatzeko konpromisoa” berretsi du.
Jarraian, Gizarte Kontseiluko presidente Daniel Zulaikak hartu du hitza; eskerrak eman dizkio alkateari, eta balioan jarri du Udalak hasi berri duen etapa hausnarketarako eta proposamenak lantzeko gune den Gizarte Kontseiluko elkarrizketa zuzenen bidez hasi izana. Ondoren, Ainhoa Arrillaga izendatu zuten Gizarte Kontseiluko presidenteorde; gizarte-gaiei lotuta, estuki egin du lan hainbat urtez Gizarte Kontseiluko lan-lerro ezberdinetan.
Hiriaren estrategia aztertzeko saioa
Osoko bilerak hiriarentzat estrategikoak diren hainbat arloren aurrerapenak eta ikuspegiak partekatzeko aukera eman du. Horretarako, Donostiako Udaleko Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzaile berri Agustin Erkiziak hartu du hitza, eta Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapenari buruzko Gizarte Kontseiluaren txostena aurkeztu du. Bertan, hiriaren datozen urteetako hirigintza-erronkei buruzko ekarpen tekniko eta sozialak jasotzen dira.
Ondoren, Mugikortasuneko, Garraio Iraunkorreko eta Turismoko zinegotzi ordezkari Olatz Yarzaren txanda izan da, eta Oinezkoa Donostiako espazio publikoaren erdigunean lantaldearen emaitzak azaldu ditu. Lantalde hori Gizarte Kontseiluak bultzatutako ekimen bat da, eta Donostia hiri ibilkorrago, seguruago eta irisgarriagoa izateko neurriak hartzea du helburu. Aurkezpenean Iñigo Garcia Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziak egindako bideo bat eskaini da, ondorio nagusiak laburbilduz: hau da, espazio publikoaren erabilerak antolatzeko, kalitatezko oinezkoen ibilbideak bermatzeko eta hiriko auzo guztietan hiri-esperientzia atseginagoa sustatzeko asmoa.
Ondoren, Erkiziak E2030DSS Estrategiaren aurrerapenari buruzko txostena aurkeztu du, baita Plan Estrategikorako Batzordeak bultzatutako proiektu estrategikoak ere.
Gizarte Kontseiluko kide ohiei aitortza
Gizarte Kontseiluak azken urteotan organoa indartzeko ekarpen erabakigarria egin duten lau lagunen lana aitortu du:
- Eneko Goia, Donostiako alkate ohia, entzute aktiboan eta lankidetza instituzionalean oinarritutako parte-hartze eredua defendatzeagatik.
- Kepa Korta, Estrategia Bulegoko zuzendari ohia, E2030DSS Estrategiaren diseinuan eta koordinazioan izandako funtsezko eginkizunagatik eta proiektu eraldatzaile ugariri emandako bultzadagatik.
- Pilar Lekuona, Gizarte Kontseiluko lehendakariorde ohia, organoaren lanaren kalitatea hobetzeko egindako lanagatik, askotariko ikuspegi profesionalak txertatzeko erakutsitako gaitasunagatik eta gizarte- eta osasun-arloekin izandako konpromisoagatik.
- Kino Martinez, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusi ohia, hiriko jarduera ekonomikoarekin, enpleguarekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten funtsezko gaietan izandako inplikazioagatik.

Gizarte Kontseiluaren IV. Saria
Aintzatespenen tartearen ondoren, Hiritarren Ekimen Onenaren Gizarte Kontseiluaren IV. Sariak banatu dira. Donostiako bizikidetza hobetzen laguntzen duten proiektuak aitortzea du helburu sariak, eta Ane Zuazubiskar kazetariak gidatu du sari-banaketa ekitaldia. Aurtengo deialdian parte hartu duten ekimenak aurkeztu dira lehenik eta, ondoren, edizio honetako finalisten eta irabazleen berri eman da.
Ekimen finalistak iragarri aurretik, hain zuzen, Gizarte Kontseiluak diploma bat eman dio San Sebastian Shopsek aurkeztutako Gure Donostia proposamenari, eta Nerea Rodríguez gerenteak jaso du oroigarria.

Ondoren, Sariaren ekimen finalistak eta irabazleak aurkeztu dira:
> Hirugarren finalista: Defendatzen dugun kazetaritza sozial eta konprometituaren balioa — Diario Vasco
Oskar Ortiz de Guinea kazetariak jaso du diploma. Ekimenaren helburua herritar migratzaileei ikusgarritasuna ematea da, sentsibilitate handiz eta zorroztasunez landutako erreportajeen bidez. Argitalpen horietan atzerritik etorritako norbanakoen profilak aurkezten dira, zertan lan egiten duten azaltzen da, eta egunerokoan, guztion ongizatea bermatzeko funtsezkoak diren hainbat eremutan, hala nola, zaintzen alorrean eta ostalaritzan, egiten duten ekarpena ikusarazten da.

> Bigarren finalista: Gizarte Partaidetza eta Balioak irakasgaia — Deustuko Unibertsitatea
Idoia Irigaray Deustuko Campuseko koordinatzaileak jaso du diploma. Ekimena Donostiako campuseko ikasleen prestakuntza-ibilbidearen parte da, eta gizarte erakundeekin elkarlanean, esperientzia praktikoak eskaintzen dizkie ikasleei, gizartearekiko sentsibilitatea, pentsamendu etikoa eta erantzukizun soziala sustatzeko. “Programa honi esker, ikasleek tokiko errealitate desberdinekin konektatzen dute, eta hazkunde pertsonal eta profesionalean laguntzen die”, nabarmendu du Irigarayk.

> IV. Sariaren irabazleak (ex aequo):
Loiola Klinika Juridikoa — Deustuko Unibertsitatea
Natale Serón Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle eta Klinikako atzerritartasun arloko arduradunak jaso du diploma. Proiektuaren helburua kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei doako aholkularitza juridikoa ematea da, bereziki, migrazioari eta oinarrizko eskubideei lotuta. “Ikasleek, gaian espezializatutako irakasleekin batera, Zuzenbidearen ikuspegi gizatiarragoa eskuratzen dute eta, aldi berean, zuzeneko laguntza eskaintzen diete administrazio- eta lege-prozesu konplexuei aurre egiten ari direnei”, azaldu du Seronek.
Gutun bat zuretzat — HIRUKIDE, Euskadiko Familia Ugarien Federazioa
Iñigo Abreu Hirukideren presidenteak jaso du diploma. Ekimenaren helburua bikoitza da: alde batetik, adinekoen bakardadeari aurre egitea, eta bestetik, belaunaldien arteko loturak sendotzea. Horretarako, familien eta adinekoen arteko gutun bidezko harremana sustatzen da. “Gutun, mezu eta topaketen bidez, enpatia, entzute aktiboa eta lotura afektiboak sortzen ditu proiektuak, eta ekimenak eragin positiboa du parte-hartzaileengan zein komunitate osoarengan”, azpimarratu du Echezarretak.













