Hiritarren Ekimen Onenaren IV. Gizarte Kontseiluaren sari-banaketa egin zenetik astebete igaro denean, Radio San Sebastián irrati-kateko Hoy por Hoy saioak tarte berezia eskaini dio aurten saritutako proiektuei, hau da, loturak sortzeko, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei laguntzeko eta herritarren gizarte-konpromisoa indartzeko gaitasunagatik nabarmendu diren ekimenei.
Daniel Zulaika Donostiako Gizarte Kontseiluko presidenteak eman zion hasiera elkarrizketari, eta azpimarratu zuen sari honen helburua dela “pertsona askoren bizitzetan eragin erreala duten proiektuak aitortzea, batzuetan isilean eta modu diskretuan garatzen baitira”. Zulaikaren hitzetan, aurtengo edizioan saritutako proiektuek gure hiria “solidarioa, konprometitua eta elkar zaintzeko bokazioduna” dela islatzen dute.
Ekimen irabazleak eta finalista, gertutik
Gonbidatuen artean, lehen saria ex aequo irabazi duten bi ekimenen ordezkariak izan dira: Natale Serón, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea eta Loiola Klinika Juridikoko atzerritartasun arloko arduraduna; eta Arrate Echezarreta, HIRUKIDE Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioako Gipuzkoako sustatzailea, Gutun bat zuretzat proiektuaren ordezkari gisa. Era berean, Idoia Irigaray Deustuko Unibertsitateko Gizarte Partaidetza eta Balioak irakasgaiaren koordinatzaileak ere hartu du parte, bigarren proiektu finalistaren ordezkari moduan.
Natale Serónek azaldu duenez, Loiola Klinika Juridikoak errealitate konplexuetara hurbiltzeko aukera ematen die ikasleei, enpatiatik eta konpromisotik abiatuta, eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei laguntza juridikoa eskaintzen die, bereziki, atzerritartasunari eta oinarrizko eskubideei lotuta. Esperientzia honek ikasleen begirada eraldatzen duela azpimarratu du, “bere burbuilatik ateratzen baitira eta esku hartu aurretik, auzia ulertzen eta entzuten ikasten dute”. Gainera, hausnarketa interesgarria plazaratu zuen proiektuan parte hartzen duten bi kolektiboen inguruan: “Gazte eta migratzaileei, ahotsa ez emateaz gain, askotan haien izenean hitz egiten dugu”.
Arrate Echezarretak, bere aldetik, Gutun bat zuretzat proiektuak belaunaldien arteko lotura sustatzen duela azaldu zuen, hain zuzen, nerabeen eta adinekoen egoitzetan bizi diren gizon-emakumeen artean, eta horrez gain, idazketaren eta giza harremanen balioa berreskuratzeko helburua duela. Azken edizioan 3.500 gutun inguru jaso dituztela azaldu du, keinu erraza baina oso esanguratsua, bai gutunok jasotzen dituztenentzat, baita horiek idazten dituztenentzat ere.
Ildo beretik, Idoia Irigarayk Gizarte Partaidetza eta Balioak irakasgaia ikasgelatik haratago doan prestakuntza-prozesu bat dela azpimarratu du, eta ikasleei laguntzen diela formakuntza integrala jasotzen eta gizarte-erantzukizunaren zentzua ulertzen. Gainera, ikaslearen interesa gero eta handiagoa dela aipatu du: “Eguberri hauetarako, 50 gazte inguruk nazioarteko boluntariotza esperientzietan parte hartzeko asmoa azaldu digute”.
Saioan, gainera, edizio honetako hirugarren finalistari egin zaio aipamena: Diario Vasco egunkariaren Defendatzen dugun gizarte-kazetaritzaren balioa eta konpromisoa proiektua.
Topaketa honen bidez, saritutako proiektuen atzean dauden norbanakoen motibazioak eta esperientziak ezagutu ahal izan dira, egiten duten lanari eta pertsona askoren eguneroko bizitzan sortzen duten inpaktuari gertuko begirada eskainita. Elkarrizketak agerian utzi ditu, gainera, ikuspegien aniztasuna eta konpromiso partekatua.
Programa osoa eskuragarri dago ESTEKA HONETAN.












