Donostiak 2019an jaso zuen saria, eta aurten urteurrenaren egoitza izateko aukeratu dute hiria. Horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Donostiako Udalak, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak eta Europa Saria jaso duten Hirien Elkarteak, hiriek Europako proiektuarekin duten konpromisoaren inguruan hausnartu dezaten, eta hura ospatu eta berritzeko.
Nazioarteko konferentzia Miramar Jauregian: hiriak, Europako etorkizuneko demokraziarako giltzarri
Ekainaren 6an, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak Miramar Jauregian antolatutako nazioarteko konferentzia izan da ekitaldi nagusia. Saioan Europako parlamentariek eta alkateek, gobernantza demokratikoko adituek eta Europa Saria jaso duten zenbait hiritako gazteek hartu dute parte, eta elkarrekin, hiriek Europako proiektuaren bermatzaile gisa betetzen duten zereginari buruz hausnartu dute.
«Demokrazia proban: nola daramate hiriek Europako balioen itxaropena» lelopean, gure demokraziei mehatxu egiten dieten erronkak aztertu dira saioan –besteak beste, polarizazio politikoa, herritarren desafekzioa, desinformazia edo trantsizio ekologiko eta digitalak–, eta erresilientzia demokratikoa hurbiltasunetik indartuko duten tokiko esperientziak partekatu dira.
Konferentzia Donostiako alkate Eneko Goiak, Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioaren presidente Theodoros Rousopoulosek, Europako Kontseiluko idazkariondoko nagusi Bjørn Bergek, eta Tokiko eta Eskualdeetako Agintarien Kongresuko presidenteorde Konstantinos Koukasek zabaldu dute; aurrez, hedabideen aurrean ere agertu dira, prentsaurrekoan.
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, adierazi duenez, «2025ean, hiriok osatzen dugu Europako balioak sustatu eta babesteko borrokaren lehen lerroa». Hala, gogorarazi du Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioaren ordezkaritza batek Ukrainako Lviv hiria bisitatu zuela iaz, herrialdeari babesa helarazteko, Errusiaren inbasioaren osteko borrokan. «Europar nortasuna azken 70 urteetan ezagutu dugun bezala bateratzearen eta indartzearen aurkako indar zentrifugoen aurrean, hiriok funtsezko zeregina betetzen dugu jarrera horiek defendatzeko, Europako proiektua suntsitu nahi dutenen kontra», adierazi du. Gainera, nabarmendu du zein garrantzitsua den balioetan heztea eta gazteak prestatzea, europar kontzientzia indartzeko eta erakunde komunetan konfiantza galtzeko arriskua uxatzeko formulak baitira. «Beren akats guztiekin, gure bizitza hobetzea lortu dute erakunde horiek, eta gure bizimodua eta bizi-kalitatea sostengatzen dute, alde batera utzi ezin ditugun lorpen batzuen bitartez».
Theodoros Rousopoulosek nabarmendu duenez, «Europa Saria 1955ean sortu zuen Europako Kontseiluko Batzar Parlamentarioak, eta duela 70 urtetik saritzen ditu udalerriek europar batasunaren idealaren alde egindako ahaleginak. Urteurren honen ospakizunean, gogoratu nahi dut sari hau ez dela ohorezko sari bat bakarrik. Hiriek Europaren eraikuntzarekin daukaten konpromiso zintzo eta iraunkorra gorpuzten du; izan ere, gure herritar askorentzat, hirietan gauzatu da lehen aldiz demokrazia».
Bestalde, Bjørn Bergek azpimarratu du «demokraziaren aldeko borroka toki-mailan hasten» dela, «beren itxaropen eta beldurrekin Europa –bere aniztasun osoan– egiten duten pertsonekin. Europa Sariaren 70. urteurrenean, Europako hiriak ospatzeko konpromisoa berritzen dugu. Etengabeko eboluzioan dagoen Europako historiaren protagonista izan diren hiriak, eta batasuna, duintasuna eta elkartasuna zaintzera bultzatzen gaituztenak. Zorionak Gaziantep hiriari, 2025eko Europa Sariaren irabazleari, eta Augsburg, Münster, Birštonas, Płońsk eta Vinnytsia finalistei. Guztiek batera, egun Europa definitzen duten mosaiko aberatsa eta balio partekatuak islatzen dituzte».
Konstantinos Koukasek aditzera eman duenez, «demokrazia zalantzan dagoen garai honetan, gure hiriak dira haren defentsan aktore nagusiak. Gure gizarteek erronka ugari dituzte, baina irtenbideak tokian-tokian hasten dira. Bertan gauzatzen dira gertutasunaren eta konfiantzaren indarrak», gaineratu du. Halaber, azpimarratu du «tokiko agintariek ez dutela soilik politika aplikatzen; komunitateak eraikitzen dituzte. Herritarrak haiengana jotzen dute krisi, behar edo itxaropen uneetan. Europa Sariaren gisako ekimenek gogorarazi nahi digute demokrazia ez dela soilik eskala handiko politika; eta tokiko agintarien eta beren komunitateetan inplikatutako herritarren eguneroko erabakietan gauzatzen dela», ebatzi du.
Adituak eta gazteak
Topaketaren lehen zatian, sona handiko hainbat adituk hartu dute parte; besteak beste, Angela Jain, Alemaniako Bertelsmann Fundazioko proiektuen zuzendaria, eta Mikel Mancisidor, NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea. Herritarren parte hartzea berritzeko eta herritar eta erakundeen arteko loturak indartzeko zenbait gako eskaini dituzte, arreta berezia jarriz belaunaldi berrien eginkizunari.
Hain zuzen ere, jardunaldian aktiboki esku hartu dute parte hartzen duten hiriek izendatutako europar gazteek; hori izan da bereizgarrietako bat. Gazte horiek ekarpen nabarmena egin dute gogoeta-guneetan, eta protagonista izan dira jardunaldiari amaiera eman dion saioan: Maialen Gandarias Alberdik, Gazteriaren Europako Parlamentuko bideratzaile batek, moderatutako eztabaida ireki bat, non demokrazia tokian-tokian biziberritzeko ideiak eta proposamenak partekatu diren.
Oroitzapenezko ekitaldia Donostiako Udaletxean
Egunari amaiera emateko, gaur arratsaldean, Europa Sariaren 70. urteurrena ospatzeko ekitaldi ofizial hunkigarria egingo da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Parte-hartze instituzionalak, ikus-entzunezko emanaldiak eta une musikalak izango ditu, hiriek europar balioen bermatzaile gisa betetzen duten eginkizuna nabarmentzeko.
Ekitaldian, gorazarre egingo zaie 1955etik saria jaso duten Europako 86 hiriei, eta sinbolikoki ohorezko saria emango zaie bertan diren ordezkariei. Gainera, ekitaldian parte hartuko dute Christian Petryk, Europa Sariaren Azpibatzordeko presidenteak, eta Eneko Goia alkateak; azken horrek amaiera emango dio zeremoniari, Donostiak bizikidetzarekin eta balio demokratikoekin konprometitutako hiri gisa duen zereginari buruz gogoeta batekin:«Donostia hiri europarra da: historiaz, bizipenez eta uste osoz. Europa gure bizitzetan, gure patriketan eta gure kale eta plazetan dago. Izan ere, Europari zor diogu gozatzen dugun guztia: azpiegitura askoren hobekuntza, pertsonen mugimendu askea, Europako ikasle programak, edo askatasun eta eskubideak».
Ekitaldian Easo Abesbatzak, Easo Sinfoniettak eta Verdini dantza taldeak parte hartuko dute. Europako Ereserkiaren interpretazio bat eskainiko dute, ospakizun historiko honi buru emateko.
Europako Saria jaso duten Hirien Batzar Orokorra: belaunaldien arteko elkarrizketa bat, erresilientzia demokratikoaren alde
Urteurrenaren ekitaldiak ekainaren 5ean hasi ziren, ostegunean, Europako Saria jaso duten Hirien Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Elkarteak berak antolatu zuen, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Bileran Europa osoko ordezkari instituzionalak eta udal ordezkariak bildu ziren, tokiko demokraziarekin konprometitutako europar gazteen talde batekin batera.
«Nola lagundu dezake tokiko parte-hartzeak Europa demokratikoaren erresilientzian?» lelopean, jardunaldiak lan-saio formalak eta belaunaldien arteko trukerako guneak uztartu zituen. Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan batzarra egiten zen bitartean, hiri sarituetako gazte ordezkariek Gazte Foro paralelo batean parte hartu zuten, ardatz tematiko beraren inguruan.
Lankidetzazko tailer baten formatuari jarraituz, foroak eztabaidatzeko aukera eman zien gazteei eta, desinformazioaren, polarizazioaren edo desengainu politikoaren moduko fenomenoen aurrean, demokrazia tokian tokitik biziberritzeko proposamenak egiteko. Bilkuraren une garrantzitsu batean, jendaurrean Batzar Orokorrari aurkeztu zitzaizkion proposamen horiek, belaunaldi berrien begirada fresko, kritiko eta eraikitzaileari balioa emanez.
Saio nagusiak Lublin hiriak (Polonia) moderatu zituen, elkartearen presidentetza baitu gaur egun. Haietan, konpromiso zibikoa eta udalerrien arteko lankidetza indartuko duten politika publikoak sustatu behar direla azpimarratu zen. Bileran, oro har, ideia batek hartu zuen indarra: demokrazia sendo eta iraunkorra herritarren eguneroko parte-hartzetik abiatuta baino ezin da eraiki eta, batez ere, gazteenen parte-hartzetik abiatuta.
