Turismoaren inguruko eztabaida oso presente dago egun, Donostian ez ezik, baita beste hainbat hiritan ere. Nola interpretatzen duzu fenomeno hau?
Egia da, turismoaren inguruko eztabaida mundu osoan ematen ari da. Donostiakoa ez da kasu bakarra; estatu mailan eta nazioartean ere antzeko egoerak bizi dira. Garrantzitsua da testuinguru globala ulertzea, tokiko ikuspegitik abiatuta, betiere.
Turismoa ez da ez ona ez txarra; jarduera ekonomiko guztiek bezala, ondorio positibo eta negatiboak ditu. Horregatik, turismoa hiri-estrategiaren parte gisa kudeatu behar da, herritarrak erdigunean jarrita. Alegia, bizilagunen, enpresa-sarearen (tokikoa, nagusiki) eta bisitarien arteko bizikidetza orekatuaren alde egin behar dugu.
Eztabaida honen baitan, askotan, zorroztasuna falta dela iruditzen zait, eta, batez ere, pedagogia. Sarritan, aurreiritzietatik eta emozioetatik abiatzen gara turismoaz hitz egiten dugunean, ez datuetatik edo analisitik. Norbanako zein kolektibo gisa, eztabaida lasai eta zintzo bat behar dugu, baita erakundeen partetik ere. Gure ardura da gidaritza hori hartzea, informazioa ematea, testuingurua eskaintzea eta ardura partekatua sustatzea.
Zein proposamen zehatz bultzatzen dituzue Donostia Turismotik?
Gure lan-esparrua Turismoaren Gida Plana 2023-2027 Visit-Bizi da. Datozen urteetako ildo estrategikoak jasotzen dituen dokumentu teknikoa da, eta bere garapenean sektoreko profesionalek, adituek, herritarrek, talde politikoek eta Donostia Turismoko taldeak hartu zuten parte, Udaleko hainbat sailekin lankidetzan.
Donostia Turismok ez du arauak ezartzeko gaitasun normatiborik. Horregatik, turismoaren kudeaketa Udaletik egin behar da, sailez gaindiko ikuspegiarekin.
Hauek dira dagoeneko martxan jarritako neurri batzuk:
Gidatutako bisiten erregulazioa espazio publikoan: megafoniaren erabileraren mugaketa, talde kopurua eta ordutegiak.
Aisialdiko ostatu berrientzako lizentzien moratoria.
Helmugaren karga-gaitasunaren inguruko azterlan teknikoa osatzeko eskera egin da.
Ekintza hauek guztiek helburu bera dute: turismoaren garapena eta herritarren bizi-kalitatea orekatzeko bidean aurrera egitea, eredu jasangarri baten alde eginez.
Eta zure ikuspegitik, nola ikusten duzu Donostia egun?
Donostia hiri bizia da, eta une erabakigarri batean dago. Erronka handiak eta aukera estrategikoak ditugu aurrean: belaunaldien arteko erreleboa, etxebizitzaren eskuragarritasuna, mugikortasuna, klima-aldaketari aurre egitea… Baina baita gure hiri-ereduaren norabidea zehazteko aukera ere: zientzia, berrikuntza eta ikerketaren poloa finkatzea; administrazioaren modernizazioaren aldeko apustua egitea; edota turismoa zeharkako ikuspegi integratu batetik kudeatzea.
Erronka horiek ez daude isolatuta, eta ikuspegi orokor batetik ulertu behar ditugu, konpromiso partekatutik. Hori guztion ardura da: erakundeena, herritarrena eta sektore estrategikoena.